Oihane Agirregoitia Martínez naiz (Bilbao, 1980) ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan EAJ-PNVren eta CEUS-Europa Solidarioaren aldeko koalizioaren zerrendaburu izateko ohorea eman didate. Erronka pertsonal eta profesional berri hau gogotsu eta motibatuta onartu dut, Euskadik Europan ahots propioa izaten jarrai dezan laguntzeko gogo handiarekin, eta Estaturik gabeko Nazioek ere Europako proiektuaren protagonista izan behar dugula sinetsita.
Duela 44 urte jaio nintzen Bilbon eta Uribarri auzoko goiko aldean hazi naiz, beste edozein moduko familia batean. Aita kamioi gidaria zen eta amak eginahalak egiten zituen nire hiru ahizpa, neba eta bostok kapritxo handietarako dirurik ez zegoen garai hartan hezten. Aitak eta amak irakatsi ziguten geneukan guztia baloratzen eta nahi genuena lortzeko lana egiten. Horixe da biei gehien eskertzen diedana, gauza txikiekin gozatzen irakatsi izana, guretzat handien bihurtzen diren horiek.
Inguru hurbilean nitaz esaten dute neure gauzak ondo antolatzen ditudala, emakume langilea naizela, enpatikoa, jakinmin handia dudala, erraz gertatzen zaidala besteekin harremanetan jartzea eta jakin dakidala sinesten dudan guztiarekin konpromisoa hartzen. Bat egiten dut deskribapen horrekin, baina beste ezaugarri pare bat erantsiko nioke, emakume eta pertsona gisa definitzen bainaute: ama eta feminista naiz, maite dut gauza berriak ikastea, askotariko pertsonekin egotea eta taldean lan egitea. Baina, gauza guztien gainetik, pertsona arrunta naiz, beste edozein bezalakoa.
Zurbaran ikastetxe publikoan egin nituen lehen ikasketak eta ondoren Zurbaranbarriko Ignacio Ellacuría institutura joan nintzen. Euskalduna naiz eta ingelesez ere nahiko ondo moldatzen naiz. Gai teknikoetarako joera handia izan dut beti, eta ingeniaritza aukeratu nuenean etxean ez zen inor harritu, batez ere ahizpa nagusi bik eta neba gazteak bide berbera aukeratu zutela ikusita. Familiako gauza izango da, agian. Hala, Ingeniaritza Teknikoa egin nuen Elektronika Industrialean lehenengo eta Antolakuntzan ondoren, biak Deustuko Unibertsitatean.
Gaztetatik hasi nintzen lanean. Institutuan nengoela eskola partikularrak ematen nituen eta unibertsitatean teleoperadore lanetan aritu nintzen Euskaltelen, asistentzia teknikoan. Jakina, horrek nolabaiteko autonomia eman zidan diru aldetik, baina askotariko pertsonen beharrei erantzuten ere irakatsi zidan, gatazkak konpontzen eta, batez ere, erantzukizuna, esfortzua eta enpatia praktikan jartzen. Unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, zazpi urtez aritu nintzen Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien alorrean (IKT) eta bezeroentzako arreta zerbitzuetan. Aldi berean, gero eta gehiago hasi nintzen Alderdian inplikatzen eta parte hartzen.
Abertzaletasuna aitaren familiatik datorkit. Etxean ikasi nuen alderdikide izaten, batzokitik eta Uri Erakundetik gure auzoa hobetzeko lana eginez. Aukera bat izan zen parte hartzeko eta gure etxe ingurua hobetzeko. Sentimendu horrek eraman ninduen 2006an Matikoko Uri Erakundean alderdikidetzera.
POLITIKAGINTZARAKO JAUZIA
2011n iritsi zitzaidan arlo politikoan planteatu zaidan lehen ezusteko handia, nire Uri Erakundeak proposatu baitzidan EAJ-PNVren zerrendan Bilboko Udalerako aurkeztea. Ordura arte ez zitzaidan sekula ere halakorik bururatu. Orduan hasi nuen zinegotzi lanetan egin dudan ibilbidea. 2023ko ekainera arte egon naiz ardura horretan, Bilboko Udalean 12 urte eman ondoren. Hiru legealditan ondorengo arlo hauek kudeatu ditut: Osasuna eta Kontsumoa; Berdintasuna, Nazioarteko Lankidetza eta Herritarrak; eta Gazteria eta Kirola. Azken honetan Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioartekotzea izan nuen nire ardurapean, eta erantzukizun horrek udalerrian Next Generation funtsak kudeatzera eta Bilbo nazioarteko foroetan ordezkatzera eraman ninduen. 2023an, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Diputatu Nagusi izendatu berriak, Gobernu Onaren, Herritarren Arretaren eta Zerbitzu Digitalen zuzendari nagusi izendatu ninduen. Eta iragan urtarrilean EAJ-PNVren Aberri Batzarrak, Alderdiaren organo gorenak, Europako Parlamenturako zerrendaburu izendatu ninduen. Hura bai ezusteko galanta!
Aldi honetan guztian esparru eta lantalde ezberdinetara, eta askotariko proiektutara moldatu beharrak esfortzu handia eskatu dit, bai eta etengabe ikasten egon beharra ere, baina merezi izan dit. Ikuspegi globala eman dit, elkarte- eta enpresa-sareak ezagutu ahal izan ditut Udalean, bai eta askotariko sektoreetako pertsonak ere, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundeko lanaren lehen lerrotik.
EUROPA DA GURE ORAINA
Europako Parlamentuan ezagutza eta hurbiltasuna eskain ditzakedala uste dut, europazale konbentzitua naizelako. Sentimendu hori landu eta finkatu dut azken urteotan izan ditudan erantzukizunek mundu erdia ezagutzera eraman nautenean. Garai horretan ere izan dut bestelako garapen ekonomiko eta sozial batzuk ezagutzeko aukera, askotariko errealitateak, antolatzeko sistema ezberdinak, askotariko pentsamoldeak, eta pertsona zoragarriak ezagutu ahal izan ditut beren eskarmentua eta esperientziak nirekin partekatu dituztenak. Aurreko mendean gure Alderdiak Nouvelles Equipes Internationales izeneko haren sorreran parte hartu zuen (Europar Mugimenduaren sorburua izan zen), José Antonio Agirre eta Javier Landabururen aitzindaritzarekin. Etorkizunerako aliantza demokratikoa sortzen lagundu zuten eta Europa sendo, federal, burujabe eta integratua defendatu zuten beti, mundu osoan ahots irmoa izango zuena, ahots erabakigarria.
Europa horretan sinesten dut, eta ezinbesteko jotzen dut EAJ-PNVk ahots argia izatea. Ahots eraldatzailea, inor atzean utziko ez duena. Europa gure egunerokoan dagoelako, gero eta gehiago. Europa dago ur beroaren iturriari ematen diogunean edo argia pizten dugunean, erosketak egiten ditugunean edo edozer jaten dugunean, gure arrantza ontzidia itsasora ateratzen denean… Horietan guztietan dago kontsumitzaileak babesten dituen legeria, Europar batasun osoan langileei zuzenean eragiten dien erabakiak hartzen dituena; Europa dago gure alabek eta semeek Erasmus-era joatea edo beren praktikak atzerrian egitea nahi dugunean; bai eta ingurumena babesteko ekimenak, legeak edo aurrekontuak onartzen direnenean, berdintasuna bere zentzu zabalean bultzatu nahi dugunean edo lehiakortasuna, berrikuntza eta talentua sustatzeko ekimen bakoitzean. Horrek denak eta abar luze batek zuzen-zuzenean eragiten digute.
Hortik dator EAJ-PNVk Europan ordezkaria izateak daukan helburu bikoitza. Alde batetik, Euskadiren ahotsa argi eta garbi entzun dadin Bruselan eta Estrasburgon. Eta, bestetik, Europako araudiak eta legeriak euskal gizartearen errealitatea aintzat hartuz diseina daitezen, gure ehun produktiboari eta gure aniztasunari erantzuna emanez. Horixe da nire konpromisoa. Demokrazian, integrazioan, justizia sozialean eta herritarrentzako ongizatean eredugarri izango den Europa eraikitzeko lana egingo dut. Osatzen duten herri eta nazioetako aniztasuna errespetatu eta balioetsiko duen Europa Batua sortzen laguntzeko, eta oso bereziki, bere hizkuntzak eta kulturak, horien artean gureak, euskara eta euskal kultura.
Hori dena ezinezkoa izango zen, jakina, familiak etengabe eta egoera guztietan eman didan babesagatik izango ez balitz. Lehenengo eta behin, aitak eta amak, gehien gogoko nuena egin nezan beren onena eman zutelako eta beti erronkei heltzeko eta hazten jarraitzeko adorea eman didatelako. Eta , ondoren, Gaizkak, senarrak, Malen alabak eta Gari semeak. Etxekoekin posibilitate hau aztertu nuenean azken bultzada jaso nuen: “Zelan esango duzu ezetz?”, Gaizkak. “Ama aste barruan ikasten nago”, alabak. Eta azkena, baina ez txikiena, semearena, Garirena, “Ama, mundu erdian bidaiatu zara dagoeneko!”. Harro baino harroago nago eurekin. Sekula ere ez didate huts egin. Laurok dakigu konplikatu samarra dela agendak uztartzea, baina saiatzen gara, bakoitzaren zaletasunak bateragarri egiten saiatzen garen bezala. Aitortzen dut kirolzale amorratua naizela, goizetik altxatzen naiz eta yoga, igeriketa eta crossfit praktikatzen ditut, ahal dela lagun artean. Natura maite dut eta aukera dugun guztietan ‘Txoko’ etxeko txakurra hartu eta euskal bazterrak ezagutzera joaten gara.